XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina beste ahapaldi eta erdi bigarren planoan gauzatuak datoz; hau da, olerkariaren barne izpirituaren bizitzaren irudira garamatza.

Sinbolizatzailea, beraz, itogin eroriak egiten duen zarata eta krabelin irudiak dira;

eta sinbolizatua gurarien perspektiban gauzatua poema honetan olerkariak bere izpirituan gorputz hartua ikusi nahi lukeen loratzea:

............
kanpoan baiño be
ariman ba-litza
arra t'erdi luze
edo krabeliña
zuri bat jagia.
...T'euria.
[44,15-20]

Guk hemen jaso ez badugu ere, bigarren ahapaldiko lehen zatian, eta horren parez, hirugarren estrofako erdigunean ageri den beti lez motibo hori, poetaren nahiaren adierazpide nabarmena da.

Irudiak eta eduki semantikoak bi eremutara ekarriak dira korrespondentzia analogikoak ñabardura hainbat batera jasotzen dituela.

krabeliña / zuri bat jagia errealitatearen deskrizioa da batetik eta izpirituaren loratze irrikatua bestetik.

...beti lez / betiko beti lez, errealitatearen deskrizioa da; baina, era berean, beti lez, alaia, / beti lez, barruan poetaren izpirituan etengabe somatua nahi litzatekeen loratze pozgarriaren irudia.

Oraindik ere, arra t'erdi luze / ... jagia bi eremuak adierazpide eta irudi berean jasoak direlarik, poetak bere izpiritua jaikia nahi luke ikusi.

Areago, itogin zarata / saltari ta alaia ikusi / somatu egin ditu poetak mundu errealean eta izpiritu barnean.

Bestalde, ...krabeliña / zuri bat... ikusten du batetik eta somatu nahi luke bere animan bestetik.

Zenbat osagairen korrespondentzia analogikoa somatu duen Gandiagak eta zein ñabarduratan gauzatua eman digun!

Bestalde, hots sinbolismoa nabarmenki adierazia utzi du poemaren izenburuan eta estrofa amaierako T'euria horretan;

baina, aldi berean, oihartzun gisa jasoa izan da olerkiaren ibili guztian t fonemaren etengabeko aliterazio bidez.

Hemen ere bi eremuak jasotzen ditu baliabide poetikoak: errealitatearen deskrizioa eta poetaren nahien mundukoa.

Aurreko poema hori antologietan jartzeko modukoa bada ere, ez ditugu guztiak horren konplexu eta aberatsak.

Askoz soilagoa da, esaterako, EURIA txara txara dioena, 43garrena.

Euria badator leun eta suabe zuhaitzaren orrietan behera, guztia bere umeltasunaz hartzen (...)